XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Julio Caro Baroja

Badira pertsonak, edozein zientzia motatan, beren erudizioaren zabaltasunagatik, kriterioen egokitasunagatik, garaian garaiko benetako arazo intelektualak formulatzen asmatzeagatik, informazio zehatza eta honen testuinguru historikoa uztartzeagatik, beren ikerketen eta sentsibilitateen ondorioak klartasunez eta pretentsio faltsurik gabe pausoz pauso azaltzeagatik, beren obran liburutegietan ikasia eta bizitzea tokatu zaien esperientzia elkar argitzeagatik, badira gizonak nahitaezko erreferentzia puntu bihurtzen direnak jakintza mota horiek aurrera egin dezaten.

Euskal historia eta antropologiaren irakurtze oparoan bihar 72 urte betetzen dituen don Julio Caro Baroja da gizon hori.

Zer egin daiteke gaur egun, kuartila eta lapitzarekin beste gabe, mahai gainean eta aulki apalean eserita?, galdetzen zuen Caro Barojak Espainiako Akademian sartzerako hitzaldian.

Bere liburuak dira, dozenaka bizitza baten urte laburretan kuartila zuriaren aurrean lapitzaren boterearen lekuko.

Baina idazlearen inpotentziarik larrienak non duten sorlekua galdera horren ondoren Barojak egiten zituen gogoramenetan nabari daiteke.

Bere obra osoaren zentzua zalantzan jartzen du; antropologia ote da, historia ote da ala zer ote da?, galdetzen du.

Eta gaur egungo antropologia sozialak erabiltzen dituen metodoak kuestionatzen ditu; neurtzeko tresneria eta neurtzen den edukiaren arteko nahasketa salaketa salatzen du; gizartearen neurketarako modeluetan gelditzea oker iruditzen zaio.

Areago oraindik, komunitate txikietan lekuan lekuko ikerketen bidez lortutako ondorioak zalantzan jartzen ditu.

Ondorengook geure ikerbideetan itsuturik ez ote gauden aurrez aurre galdetzen digunean ez zaio arrazoirik falta eta eskertzekoa da.

Alabaina, antropologoen artean, orain 60 bat urte arte nagusi zen eta gaurko antropologia bereizteko, banaketa hau egin ohi da: aulkiko antropologoak, liburutegietan eta artxiboetan beren materialeak arakatzen dituztenak eta lekuko lanetan murgildurik, norbera gizataldearen baitan galduaz, bizikera desberdinen logikak eta deskribapena azaltzera saiatzen direnak.

Oro har eta arrazoi askogatik Caro Barojari lehen taldekoa izatea tokatu zaio.

Halaz ere, ez du berak bigarren taldekoen aurrean jarrera defentsiborik hartu beharrik, zeren ondotik gatozenok guztiz errespetatzen ditugu ere " aulki apala "ren maisutza, eta gure saiakera zalantzakorrari ematen ez diogun sendotasuna bere obrari emateko prest bait gaude.

Caro Barojak oratu duen lan eskergak (berak hain maisuki bildua berak baino okerrago berresaten ibil ez gaitezen) hain zuzen horixe eskatzen du gaur egun: gizartea eraikitzen duten arauak eta aurreiritziak neurtzeko eta aztertzeko tresneria kontzeptual berriak eratzea, ezagunak zaizkigun datuak beste era batetara ikus ahal ditzagun.

Eta eskerrak horretarako Julio Caro Barojaren obra paregabea daukagun.

Beste mendeetan bezala gure mendean ere bai erakunde eta bai pentsamoldeetan aldakuntza oinarrizkoak ematen ari garen garai hauetan, norberaren denbora laburra bizitza intelektualari eskaintzea ausardia esplikagaitza gertatzen da.

Gure artean estigma bat ere izan daiteke.

Baina hor daude Julio Caro Baroja bezalako gutxi batzuk, beste edozeren gain zeregin intelektualaren jardun apala eta arriskutsua bizitzea erabaki zutenak.

Giza-historiaren zentzu aurrerakoia, ideien egokitasuna eta bizibide onenaren aurrekondizioak beste edozeren gain inporta zaion edonorentzat, pentsalari hauen lana da inspirazio iturri nagusia.

Datu biltze eta jakite hutsaren gain haragi bihurtutako jakituna nabaritzen dugu gizon hauetan.

Badira gizonak.

Herrialde totalitarioetako disidentziaren metafora, Time aldizkarian publikatua.

Joseba ZULAIKA.